XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Zer-nolako eragozpenak dituzte?-Askotan berandu hasten dira eskolan eta ez dira egunero joaten; hori horrela, desfaseak gertatzen dira ikaskuntzan eta iharduerak burutzeko nahiz eskolako giroan integratzeko eragozpenak sortzen dira.
-Eskolako arau asko onartzea kostatzen zaie, euren inguruan nagusi diren arauen aldean oso desberdinak direlako: ordutegiak, egutegia, elikadura-arauak, etab.
-Dituzten aldez aurretiko azturak eta eskemak eskolan nagusi direnez bestelakoak dira, eta horregatik eragozpenak dituzte eskolako zenbait egoera egoki ebazteko.
-Ikaskuntzarekin zerikusia duen aztura ugari, hala nola, arreta jartzea, eserita egotea, txanda heldu arte itxarotea, iharduera kontrolatzea, etab. irakatsi behar zaie, geroko ikaskuntzak ahalbidetzeko asmoz.
-Zenbait kasutan, eskola dela-eta dituzten igurikapen eta interesak oso sinpleak izaten dira, irakurtzen, idazten eta zenbatzen ikastea nahikoa iruditzen zaie eta ez dute inolako motibaziorik beste gauza batzuk ikasteko.
-Askotan arazoak dituzte besteen erritmoari jarraitzeko, gorabeheraz jositako eskolaketa baitute, hots, kale ugari egiten dutelako, interes desberdinak edo bestelako aldez aurretiko ikaskuntza batzuk dituztelako.
Nola lagun diezaiekegu?-Eskolan sartzeko prozesua mailakatuagoa, malguagoa eta, azken batean, egokiagoa izan dadin saiatuz, eskolara moldatzeko denbora luzeagoa beharko dutela aurrikusi behar dugularik.
-Euren munduari, familiari, etxeari, euren kontuei buruz hitzegiteko aukera ematen dien iharduerak proposatuz; gertatu zaienaren, etxean ospatu dutenaren, atsegin zaienaren eta abarren gainean mintzatzera bultzatuz.
-Dituzten interesen berri izaten saiatu behar dugu, haiekin hitzegin eta haien ingurunerekin konektatzen nahiz haurren afektua gureganatzen ahalegindu.
-Ikasleen arteko elkarrizketak eta elkarreraginak bultzatu ez ezik, irakasle-ikasleen arteko elkarreraginak indartu behar ditugu.
-Eskolako programazioan haurren jatorrizko kulturako jolasak eta elementuak sartu behar ditugu, hala nola, errefrauak, abestiak, jolasak, etab.
-Haurren familia, lan-egoera, etxebizitzaren egoera, etab. pertsonalki ezagutu behar dira, haurrak ulertzeko eta interesatzen zaizkien nahiz aurrerapenak erdiesten lagunduko dizkien proposamenak egin ahal izateko.